2012/10/30

Arturo Villanuevaren aurkako euroagindua ez dute onartu

Paueko Auzitegiak uko egin dio Arturo Villanueva errefuxiatu politikoaren aurka Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua onartzeari.

Naiz.info-ren bidez
Paueko Auzitegiak pasa den astean egin zuen Arturo Villanueva errefuxiatu politikoari buruzko azken bista. Auzitegiak euroaginduari buruzko informazio gehigarria frantsesera itzultzeko eskatu zion Auzitegi Nazionalari, baina honek, antza ez zion igorri.
Azken erabakia gaur arte atzeratu zuen Pauek eta euroagindua ez onartzea ebatzi du.
Maritxu Paulus Basurco abokatuak fiskaltzaren errekurtsoa ez du baztertu baina Villanuevaren gaineko zainketa judiziala bertan behera utzi dutela azaldu du. Nahiz eta datu gehiago ez dituen eman, Estatu frantsesean legezkoa den erakunde bateko kidea izatea ezin zaiola egozti esan du.
Arturo Villanueva pasa den abuztuan atxilotu zuen Polizia frantsesak Urruñan eta aske geratu zen egun batzuk beranduago.
Errefuxiatu iruindarra beste 14 euskal herritarrekin batera atzeman zuten 2001eko martxoaren 6an Auzitegi Nazionalak Haika gazte erakunde independentistaren aurka agindutako operazioan.
10 hilabetez espetxean izan zen. Jarrai eta Haikaren aurkako epaiketara joateari muzin egin ondoren bera atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen ez ohiko epaitegiak.
Villanueva 2009ko apirilean atxilotu zuten Belfasten euroagindu bat zela-medio. Aske geratu zen ondoren. Epaileak errefusatu egin zuen bere aurkako euroagindua.
Bederatzi urtez Irlandan egon ondoren, Lapurdira itzuli zen Villanueva pasa den udan, eta bizitza guztiz publikoa eta normala egin du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada