2012/09/03

Gaur, hiru atxilotu: baratzeetara sartu dira, berriro, Arantzadi Auzolanean taldeko kideak

Berria.info
Aldaia baratzera berriz sartu dira Arantzadi Auzolanean taldeko kideak, aurreko astean hondatutako baratzeak berreskuratu nahian. Udaltzainek beste hiru lagun atxilotu dituzte gaur goizean, makinak gelditzen saiatu direlako.
Ez da eten Arantzadiko baratzeetako gatazka. Asteburuan gelditu egin dira makinak, eta aurreko astean hondatutako baratzea berreskuratzeko baliatu du geldialdia Arantzadi Auzolanean taldeak. Larunbatean Aldaia baratzera sartu ziren dozenaka lagun, eta makinak ibilitako lekuan baratzeak berregiten hasi dira. Gaur goizean, berriz, taldeko zenbait kidek bere burua aldatu dute lurrean, leporaino lurrean sartuta, baratzeak txikitzearen aurka. Arratsean atera dira, makinak ez direla gaur bertara joango ikusi dutenean.
Asteburuan Aldaiako baratzea berregiten saiatu diren lagunek gaur goizean lanean jarraitu dute. Berez Aldaia familiarenak ziren lur horiek, baina Iruñeko Udalak desjabetu zizkien, Arantzadin parke bat eraikitzeko. Arantzadi Auzolanean ekimenak ekainean berreskuratu zituen, baratzeak berregiteko. Aurreko astean, berriz, makinak sartu ziren, bertara, eta baratzeak hondatu zituzten, udalaren hirigintza plana gauzatzen hasteko.
Baratzeen aldeko ekintzaile batzuk Aldaiako baratzeetan lanean ari ziren bitartean, makinak beste eremu batean ari ziren lanean, eta bertara joan dira beste zenbait ekintzaile, geldiarazteko asmoz. Dozena erdi bat makinaren lanak oztopatu dituzte, eta udaltzainek hiru lagun atxilotu dituzte. Beste 30 bat lagun ere haiekin ziren, eta udaltzainek identifikatu egin dituzte gehienak.
Iruñeko Udalak parke bat eta baratzeen interpretaziorako zentro bat egin nahi ditu Arantzadin. Horretarako, lurrak desjabetzen hasi zen orain zenbait urte, eta iragan astean hasi zituen obrak. Agustin Beroiz nekazaria eta Arantzadi Auzolanean ekimeneko kideak dira, gaur egun, eremu horretan baratzeak dituzten bakarrak. Obra egiteko, Beroizi lur zati bat desegin diote makinek, eta Arantzadi Auzolanean ekimenak beretutako lur guztiak hondatu dituzte.
Aurreko astean hasi zituen udalak lanak, eta harrezkero zazpi lagun atxilotu dituzte udaltzainek, makinak gelditzen saiatzeagatik. Arantzadi Auzolanean ekimenak, berriz, egunero protestak egiten dihardu, udalaren plangintzaren aurka. Bihar, 18:00ak aldera, merienda eta kontzertua egingo dituzte, Arantzadin bertan.

ARANTZADI txantrean Auzolan+(16)

ARGAZKI GALERIA (Txantrean Auzolan)

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada