2012/09/06

EHEko bi kide epaitu eginen dituzte 'Ezabatu eta euskaraz bizi' ekimenean parte hartzeagatik

Irailaren 11an Itziar Claver Herrera eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta Altsasuko EHEko kideak epaitu eginen dituzte 'Ezabatu eta euskaraz bizi' ekimenean parte hartzeagatik. Atzo prentsa aurreko agerraldia egin zuten epaiketaren nondik norakoak azaltzeko eta epaiketaren egunean EHEk eginen duen elkarretaratzearen berri emateko.
Haizea Ramirez de Aldak eman zuen egoeraren berri. Joan den urtean 'Ezabatu eta euskaraz bizi' ekimenean parte hartu zuten Altsasuko bi kideek eta Foruzainekin topo egin zuten. Poliziek bi isun jarri zizkieten horregatik: 6.000 eurokoa bata eta 300 eurokoa bestea. Gaztelaniaz idatzitako trafiko seinaleak ezabatzea leporatuta jarri zieten lehenbiziko isuna, eta Foruzainei euskaraz zuzentzeagatik bigarrena (“desobedientzia” leporatuta). Bigarren isuna bertan behera utzi zuten arren, lehenbizikoa ordaindu egin behar izan zuten. Horretaz gain, epaiketa izanen dute irailaren 11an. Beraz, bide administratiboa ez ezik bide penala ere jorratuko du auziak.
Claver eta Ramirez de Aldak euskaraz bizitzeko hautuari eutsiko diote Iruñeko Auzitegian, beraz, euskaraz baizik ez dute deklaratuko. Itzultzailerik ere ez dute onartuko, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea dutelako. Beraz, ez du zentzurik itzultzailearen lanak.
Epaiketaren egunean elkarretaratzea eginen du EHEk 10:00etan Iruñeko Auzitegiaren aitzinean, eta bertaratzeko deia luzatu diete babesa eman nahi dietenei.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada