2012/08/10

#GoazenOspitalera: Gaurko kronika

Egun intentsoa izan da gaurkoa Iosu Uribetxebarriaren askatasunaren aldeko ekimenei dagokionez. Jakin dakizuenez, gaur bertan bost lagun gose greban sartu dira Donostia Ospitalean –Herrirako bi kide, gaixo dagoen Gotzone Lopez de Luzuriaga presoaren senide bat, Arrasateko zinegotzi bat eta preso ohi bat-. Horrekin batera, Herrira mugimendua Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin bildu da gaur. Arratsaldean, Garitanok berak Iosu bisitatzeko aukera izan du.
Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren bisitaren ondoren, asanblada egin dute Donostia Ospitalean elkarretaratze iraunkorra burutzen ari ziren 60 bat lagun. Bertan, herritarrak Donostia Ospitalera joatera gonbidatu dituzte berriz, bertan lagundu, ekarpenak egin, baraua egin edo gose grebara deitzeko. Horrekin batera, bihar Donostian, 17:30tan Saguesetik hasi ta Okendo Plazan amaituko den manifestazioan parte hartzeko dei zabala egin dute.
Iosu eta gaixo dauden beste 13 euskal preso politikoen askatasuna eskatzeko aldarriak ez du etenik izango. Donostia Ospitalera gerturatzeko aukera ez duten pertsonei eta Herrira Bilguneko kideei euren herri, hiri eta auzoetan Iosuren askatasunaren aldeko dinamikak piztera gonbidatu dituzte. Data zailak dira, uda, jende asko oporretan eta hainbat herritako jaiak dira, baina Iosuren egoeraren larritasunak giza eskubideen aldeko aldarria eta Iosuren askatasunaren aldeko olatua hainbat puntutara eramatea merezi du. Dagoeneko, hainbat dira Espainiar eta Frantziar Estatuetako espetxeak non euskal preso politikoak gose grebak, barauak edo itxialdiak egiten ari diren.
"Bakoitza bere ahalmenaren arabera, bere neurrian, baina herri, hiri eta auzoetan Iosuren askatasunaren aldeko ekimenak egotera gonbidatzen zaituztegu", dio Herrirak. "Informazioa banatu edo zabaldu, panelak, eskuorri informatiboak, barauak, gose grebak, elkarretaratzea, harremanak, kartelak, sare sozial eta mailing bidezko informazioa, eserialdiak… Ziur gaude olatu urdin hau geldiezina bilakatuko dela eta kasu honetan Iosu eta gaixo dauden beste 13 euskal preso politikoak askatuko ditugula".

Argazki galeria


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada