2012/06/21

Larunbatean, txirrindula martxa: matrioska kolektibo bat eraikitzeko deia egin du Eleak-ek

Irudian, David Urdin eta Asier Biurrun.
Eleak mugimenduak prentsaurreko bat eskaini du gaur, larunbat honetan antolatu duten txirrindula martxaren berri emateko. Ekimen honen bidez, 12.30etan Baratxurien plazatik aterako dena, azken asteetan ezagututako bi sententzien aurkako protesta eginen dute.
Prentsaurrekoan David Urdin (2009ko Korrikan presoen argazkiak erakusteagatik zigortutako gazte bat) eta Asier Biurrun (Eleako kidea) azaldu dira, eta hazteko eta behin haien poztasuna adierazi dute Sorturen legalizarioarekin. "Argi dago espero litekeen sententzia bakarra legalizazioa zela. Aukera guztiak proiektu guztientzako bermatzea erabat ezinbestekotzat jotzen baitugu Eleak mugimendutik".
Gainera, D3M eta Askatasunaren auziak absoluzio-epaia izanik, egiteke dauden epaiketa politiko guztiak bertan behera uzteko eskaria berretsi dute, "suposatzen duten denbora eta diru galera aurreztearren, argi geratu denez, zentzuzko epai bakarra absoluzioa delako".
Esan dutenez, epaitegi espainiarrak sententzia hauek kaleratzera bultzatu duena herri aktibazioa izan da. D3M edota Askatasunako auzian auzipetuak zeuden herrietan martxan jarri diren matrioska sabelek eraginkortasun nabaria erakutsi dutela azpimarratu dute.
Beraz, matrioska sabelek emandako emaitza positiboa ikusita, "Iruñerrian sabel kolektiboa eraikitzeko beharrezkoa dena egin dezagun, salbuespeneko injustizia Espainiarretik gaur gure ondoan ditugun gazteak babes ditzagun", euren milaka kilometrora gartzelaratutako lagunen egoera salatzearren haien argazkiak eramateagatik zigortutak izan direnak.
Berdin gertatzen da duela astebete jakitera eman zuten Nafarroako beste bost gazteren aurkako sententziarekin. "Herriaren aktibazioa behar dugu matrioska sabela eraikitzeko, gazte hauen eta etorriko diren sententzia eta epaiketen aurrean lan politikoa babesteko. Finean, gure eskubideak bermatzeko".
Honengatik guztiarengatik, jendarteari larunbat honetan, ekainaren 23an, 12:30ean Baratxurien enparantzatik aterako den txirrindula martxan parte hartzeko deia luzatzen diote, "hain beharrezkoak diren matrioska sabel horiek sor ditzagun, zeintzuk gure eskubide zibil eta polítiko oinarrizkoenen erabilera bermatuko duten".

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada