2012/06/23

Sanferminetan ikurrina presente egon dadila eskatu dute Iruñean

ikurriña eskubide osoz

Iruñeko Udalak euskal ikurrenganako duen jarrera salatzeko asmoz, Sanferminetan ikurrina presente egoteko eskatu dute eremu ezberdinetako hainbat pertsonak Iruñean egin duten agerraldian. Ekimenak 100 atxikimendutik gora lortu ditu egun gutxitan.
Ekimena aurkeztu dutenek esan dutenez, Sanferminetan «gehiago» nabarmentzen da Iruñeko Udalak euskal ikurrenganako duen jarrera, «kanpora begira saldu nahi duten» irudiagatik. «Kultur globalizatu eta identitate espainiarraren baitan kokatuta dagoen Iruñea» da beren ustez eman nahi duten irudia.
Era berean, euskal nortasun eta identitatearen defentsan «berresten» direla nabarmendu dute eta Iruñean «gure kultura, hizkuntza eta sinbologiaren aldeko lana» egingo dutela azaldu dute. Modu horretan, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena egin dute, «hiritar guztien arteko aukera berdintasuna» horrela soilik lortu daitekeela zehaztuz.
Sanfermin jaietan errespetuzko giroa espero dute ,«behin betirako» atzean utziz «mota guztietako eskubide urraketak».
Ekainaren 30ean etxez etxe ibiliko dira Sanferminetan ikurrina presente egoteko eskatuz. 11.30ean abiatuko dira Merkaderesetik. Bestalde, uztailaren 6an 11.00etan Txapitelatik irtengo den kalejiran parte hartzeko deia ere luzatu dute.

Manifestua eta deialdiak: Ikurriña eskubide osoz
Atxikimenduen zerrenda


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada