2012/05/10

#M19: Plazak betetzeko deia egin du Etxeratek, "gure senide eta lagunen eskubideak errespetatuak izan behar dutelako"

Etxerat elkarteak Bilboko Areatzan egin du agerraldia, Estatu espainol eta frantsesak aplikatzen duten "espetxe politika kriminal honekin" amaitzeko bidean "ezinbesteko" jotzen duten herri mobilizaziora deitzeko. Hala, hilaren 19rako Herrira mugimenduak deitutako ekitaldietan parte hartzera deitu dute euskal jendartea.
Pitxu Coto eta Biki Gorostiaga mintzatu dira, gazteleraz eta euskaraz, Etxeraten izenean, Madril eta Pariseko Gobernuek "salbuespeneko espetxe politika bat aplikatzen jarraitzen" dutela salatu dute. Zentzu horretan, azken hilabeteotan jazotako gertakarien errepasoa egin dute: Konstituzio Auzitegi espainolak 107/2006 doktrinari emandako babesa, "euskal preso politikoei zuzendutako eta xantaian oinarritutako bergizarteratze plana" edota dispertsio politikak eragin dituen azken istripuak izan dituzte, besteak beste, hizpide.
Zentzu horretan, "Frantziako eta Espainiako estatuek aplikatzen diguten espetxe politika kriminal honekin amaitzera" derrigortzeko beharra nabarmendu dute, "eta horretarako ezinbestekoa da euskal gizartearen presio soziala nabaritzea". "Gure senide eta lagunen eskubideak errespetatuak izan behar dutelako, guk egingo dugun bezala", maiatzaren 19an auzo eta herrietako plazak betetzeko deia egin dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada