2012/05/04

Eleak mugimenduak bihar Iruñeko Udaletxe Plazara agertzeko deia egiten du 13 gazteren epaiketaren kontra protestatzeko

“Eleak” eskubide zibilen aldeko mugimenduak bihar, maiatzak 5, goizeko 12etan, Iruñeko Udaletxe Plazan eginen den txupinazo herrikoian parte hartzeko deia egiten du. Emanaldia sanferminetarako eskaileretako batekin tokatzen da, eta protesta modura antolatu da 2010eko txupinazo eguneko istiluak direla-eta Iruñerriko 13 gazteren kontra hemendik gutxira eginen den epaiketa salatzeko.
Egun hartan, gazte batzuek ikurrin handi bat atera nahi izan zuten Udaletxe Plazan, baina udaltzainak oldartu zitzaizkien (borra luzagarriekin eta baita ukabilkadaka ere). Orduko gertakarietan, Madrilgo gazte batek zauri larriak izan zituen, botatako botila batek eragindakoak.


Zazpi hilabete geroago, 16 gazte atxilotu eta akusatu zituzten desordena publikoengatik. Eta orain fiskaltzak 2 urte eta hiru hilabeteko zigorra eskatzen du auziperatutako gazte bakoitzarentzat, eta 5 urte eta 3 hilabete ustez botila bota zuenarentzat. Gainera, akusazio partikularrak 11 urteko kartzela-zigorra eskatzen du auziperatutako gazte bakoitzarentzat desordena publikoengatik eta agintarien kontrako atentatuagatik, eta 17 urte ustez botila bota zuenarentzat, gehi 350.000 euroko kalte-ordaina.

Ikurrinarekin eta zapi gorriarekin plazara bertaratzeko deia
Eleak-en iritziz, epaiketa hau "bidegabekeria galanta da", erasoa jasandako pertsonak baitira akusatuak. "Plazan gertatutako istiluak UPNren eta bere udaltzainen erantzukizuna dira, arduragabekeriaz sartu baitziren plazara ikurrina kentzeko asmoz. Gero, dozenaka gazte jo, eta arrisku handiko egoera bat sortu zuten. Eta hori guztia, gizarte honen parte handi batek bere dituen sinboloenganako intolerantziagatik".
Beraz, herritarrei ikurrinarekin eta zapi gorriarekin plazara bertaratzeko deia egiten diete, "Iruñean ikurrina libre ateratzeko eta erakusteko eskubidea erreibindikatzeko, eta poliziak gazteriaren kontra erabiltzen duen indarkeria eta pertsekuzioa bukatu daitezela eskatzeko".

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada