2012/05/10

Baztango Herrira Mugimenduak Goazen Plazara ekimenarekin bat egiteko deia plazaratu du

Herrira mugimenduak maiatzaren 19rako deitutako “Goazen plazara” ekimenarekin bat egin du Baztango Herrira Mugimenduak eta egun horretan, 11:30etik aitzinera Elizondoko plazan eginen den elkarretaratzean parte hartzeko gonbitea luzatu die baztandar guziei prentsaurreko baten bidez.
Maiatzaren 9an egin zuten agerraldian agertu zutenez, «urtarrilaren 7an milaka herritarren babesa eta parte-hartzea izan zuen Bilbon egin zen herri-mobilizazio orokorrak. Euskal gizartearen gehiengo zabal baten eskaerek Bilboko kaleak hartu zituzten, euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazio historikoan».
Ordutik hona alderdi politiko aunitzek presoen auziarekiko jarrera berriak hartu badituzte ere, «gobernuek ez dute pausorik eman eta kartzela politika ez da aldatu. Presoen gaia eguneroko mintzagai bada ere, Espainiako eta Frantziako gobernuek iraganeko jokabideari eusten diote garai berri honetan».
Baztango Herrira mugimenduak euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, zigorra bete duten presoak askatzea, “de facto” aplikatzen den bizi osorako espetxe zigorra bertan behera uztea, frantziar estatuan ezartzen den bizi osorako zigorra bertan behera uztea, baldintzapeko askatasunari bide emanez, zigorren 2/3 eta 3/4 bete dituzten presoak kaleratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, eta bertzelako gaixotasunak dituzten presoak egoki zaintzeko beharrezko neurriak hartzea eta hasi den aro berrian gatazka konpontzeko modu positiboan eragiteko frantziar eta espainiar estatuek darabilten espetxe-politika egokitzea aldarrikatzen du.
Zentzu honetan, Joxe Miel Gaztelu, Elizondoko Preso Politikoa lehenbailehen Euskal Herriratzea; eta Iñaki Erro elizondarra, Almeriako espetxean gaixo dagoen eta kondena beteta duen preso politikoa askatzea eskatu dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada