2012/05/24

AEK-k bere elkartasuna adierazi die presoen argazkiengatik auziperatu dituzten bost lagunei

Bihar, hilak 25, bost nafar deitu ditu Audientzia Nazionalak Madrilera epaiketan parte har dezaten, 16. Korrikaren ingurumarian Iruñeko 404. kilometroan gertatu zen ustezko terrorismoaren goraipatzea egotzita. Horren aurrean AEK-k bere elkartasuna adierazi nahi die bost auzipetuei, AEKren ordezkaritza bat ere Madrilera hurbilduko delarik.
Bidenabar, AEK-k zera gogorarazi nahi du: "Korrika euskararen aldeko ekimena da, eta ez besterik. Korrikaren helburua eta mezua publikoak eta argiak dira. Hori horrela izanik, ekimen parte hartzaile eta anitza da Korrika, eta bertan sentsibilitate eta pentsaera desberdinetako jendeak hartzen du parte. Hori da, hain zuzen ere, Korrikaren nahia, ahalegina eta meriturik handiena, jende ezberdina biltzea gure hizkuntzaren alde. Korrika bitartean azal litezkeen bestelako aldarrikapenak, parte hartzea bezain anitzak, Korrikaren parte hartze zabal eta anitz horren isla baino ez dira, Beraz, tristuraz eta kezkaz hartu dugu Korrikaren partaide batzuk halako egoera batean egon behar izatea".
Beraien ustez, "zentzugabekeria galanta da hemen zabaldu den ikerketa; jada halako kasuak epaitu direnean aurretik eman diren epaiek adierazi duten bezala, Korrika bezalako ekitaldi baten ingurumarian parte hartzaile batzuek beraien lagun presoei elkartasuna adieraztea ez delako delitua".

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada