2012/04/18

#BatGutxiago: Txomin Sola aske geldituko da ostiralean, kartzelan 18 urte eman ondoren

Iruñeko Donibane auzoko Txomin Sola presoa aske geldituko da apirilaren 20an, ostiralean, zigor osoa beteta. 18 urte preso eman ondoren, Dueñasko espetxetik aterako da ostiral goizean, eta arratsaldean bertan, 6etan, ongietorria emateko ekitaldia eginen da bere auzoan, Asunción plazan.
Urte hauetan, Txominek sakabanaketa, isolamendua eta euskal preso politikoei ezarri zaizkien salbuespen neurri guztiak ezagutu ditu. Aspaldi behar zuen libre, duela urte batzuk bete baitzituen zigorraren hiru laurden.
Herrira mugimenduaren ustez, "presoen askatasuna albiste ona dela beti, bakea eta gatazkaren konponbidea ekarriko dituen helmuga horretara hurbiltzen gaituelako. Zenbat eta preso gutxiago, orduan eta hurbilago helburua".
"Garaia da herri honetan zauriak ixten hasteko", esan dute Herriratik. "Preso hau aske egonik, familia bat gutxiago izanen dugu sufritzen, bizia arriskuan jartzen astebururo errepidean. Eta ospatzeko modukoa da". Horrexegatik, dei egiten diete herritar guztiei ostiral honetako ongietorri ekitaldian parte hartzeko, baita ahaleginak areagotzeko ere, albiste on gehiago izan daitezen etorkizunean.

Maiatzaren 19an, goazen plazara!
Gogoratu dutenez, "maiatzaren 19an hitzordu garrantzitsua dugu gizartearen bulkada indartu, eta euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak desager daitezen lortzeko". Egun horretarako, Herrira mugimenduak deialdia egin du Euskal Herriko herri eta hiri guztietako plazak presoen eskubideen aldeko ekitaldiekin betetzeko.

donibanen biziarteko zigrrik ez
Donibanen, bizi osorako zigorrik ez!

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada