2012/04/21

Errepresioa STOP: manifestazioa Iruñean

Iruñerrian, martxoaren 29ko greba orokorrean parte hartzeagatik izandako 14 herritarren atxiloketak salatzeko manifestazioa deitu zuten eragile sozialek eta sindikatuek atzorako. 1.100 pertsona inguru batu zituen “ERREPRESIOA STOP. EREDU EKONOMIKO ETA SOZIAL BATEN ALDE” lemapean burututako protestak. Herenegun atxilotu zituzten Iruñerriko 14 lagunak, martxoaren 29ko greba orokorrean, “langileen lanerako eskubidea urratzea”, “orden publikoa nahastea” eta “kalteak eragitea” leporatuta. Atzo goizean igaro ziren azken atxilotuak epailearen aurretik, eta arratsalderako aske ziren denak. Arratseko zazpietan Gaztelu Plazatik abiatu zen manifestaldiaz gain, egunean zehar mobilizazio gehiago ere izan ziren. Eguerdian, LAB, ESK eta CGT sindikatuetako, Gobernuz Kanpoko Erakundeetako, Langabetuen Asanbladako, zein Bildu eta Amaiur koalizioetako ordezkariak, espainiar gobernuko ordezkariarekin, Carmen Albarekin elkarrizketa izaten saiatu ziren. Honek ordea, ez zien harrera egin “agenda betea” zuela esanda.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada