2012/03/08

Presoak gaixotasun larriekin: Herrira mugimenduak giza katea antolatu du Iruñean martxoaren 17rako, eta auto karabana 24rako

KotxeKarabana-GizaKateaTxiki

“Herrira” mugimenduak zenbait ekimen sustatzen ari da gaixotasun larriak dituzten preso politikoen askatasuna eskatzeko. Preso horietatik lau nafarrak dira: Iñaki Erro, Iñaki Santesteban, Josetxo Arizkuren eta Jesus Mari Mendinueta (informazio gehiago).
Martxoaren 17rako, larunbata, “Herrira” mugimenduak giza katea antolatu du Iruñean; eguerdiko 12etan ospitaleetako errotondatik (Bideko Ama Birjina ospitaleko larrialdiak) abiatu, eta Donibanen –bertakoak dira Iñaki Erro eta Iñaki Santesteban– eta Alde Zaharrean –Josetxo Arizkuren– barna ibiliko da.
Mobilizazioa Iruñeko kartzelan geldituko da, eta bertan bat eginen du Iturramatik etorriko den beste giza katearekin. Kartzelaren aurrean ekitaldi xume bat eginen da auzo horretako Diego Octavio gaztearen askatasuna eskatzeko, berriki espetxeratu baitute.
Ondoren, giza kateak aurrera eginen du, PPren egoitzaraino, Karlos III.eraino; bertan, preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien amaiera eskatuko dute, bai eta gaixotasun larriak dituztenak berehala eta baldintzarik gabe aske uzteko ere.
Hurrengo larunbatean, martxoak 24, gaixorik dauden presoak aske uzteko eskaera auto karabana baten bidez plazaratuko dute. Goizeko 11etan aterako da Matesatik (Arrotxapea) eta Iruñerri osoan barna ibiliko da.
Martxoaren 17ko eta 24ko mobilizazioetan, aurretik joanen da Herriraren anbulantzia, aste hauetan guztietan Nafarroa osoan barna preso horien askatasuna eskatzen ibili eta gero (bideoak ikusi).
Horrez gain, martxoaren 31n, larunbata, manifestazioa eginen da Iruñean, Golemetatik abiatuta, goiburu honekin: “Presos con enfermedades graves a casa. Gaixotasun larria duten presoak herrira”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada