2012/02/10

Villepinte espetxeko euskal preso politikoek astebete beteko dute bihar gose greban

Villepinte espetxeko Borja Gutierrezek eta Ibon Goieaskoetxeak euskal preso politikoek gose greba hasi zutela astebete beteko da bihar, larunbata. Joseba Fernandez txantrearra borrokaldia burutzen ari da ere espetxearen barrura eta kanpora begirako ekimenekin.
2011ko abenduaren 10ean Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide guztiek euren Euskal Herriratzea eskatzen duten banakako eskaerak bidali zituzten Espetxeetako Zuzendaritzara.
Baina, Etxerat elkarteak gaur salatu duenez, estatu frantsesean atzerapausoak ematen ari dira. Izan ere, euskal presoak Euskal Herrira gerturatu beharrean, etengabe urruntzen ari dira. "Horrez gain, frantses agintariak gure senide eta lagun diren euskal preso politikoak kolektiboko inor ez dagoen espetxe ezberdinetara mugitzen ari dira". Horixe gertatuko da Ruben Ribero eta Ibon Goieaskoetxea presoekin ere; La Sante eta Villepinte espetxeetan hurrenez hurren, dauden preso politiko hauek senideentzat askoz eskuragaitzago dagoen Villefranche sur saône espetxera lekualdatuko baitituzte.
Euskal presoek egindako eskaerei erantzun positiborik ez emateagatik, eta aldarrikapen horiei euskal preso politikoen sakabanaketarekin erantzun izana salatzeko Villepinte espetxean dauden hiru preso politikoek borrokaldi bat hasi zuten duela astebete, otsailaren 4an, zehazki.
Bestalde, Fleury Gizonezkoen espetxean, D2 moduluko presoak aste osoan zehar janari errefusa egiten ari dira D4 moduluan bakarrik aurkitzen den Iñigo Sancho Marcosen egoera salatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada