2012/02/08

Abian da Jalgi Hadi Garaipenera gazte dinamika

Jalgi hadi aurkezpena

Gaur goizean, Jalgi Hadi Garaipenera gazte dinamikaren aurkezpena egin da Iruñean. Bertan bilduriko gazteek dinamikaren nondik norakoak azaldu dituzte, eta dinamikaren xehetasunak barnebilduko dituen webgunearen helbidea zabaldu dute: www.jalgihadigaraipenera.com.
"Helburu argi batekin bildu ditugu gure indarrak: gure herriaren historian sakondu eta berau azaltzea eta iraultzea", esan dute. "Euskal Herriak bizi duen abagune politikoan, gure arbasoen lekukoa hartu eta iraganeko irakaspenetatik historia idatzi nahi dugulako. Gaur, euskal jendartearen gehiengoak erabakitzeko eskubidearen hautua egiten duen honetan, Gazteok gure etorkizuna marrazteko beharizana ikusten dugu".
Burujabetza zentzu zabalenean elertzen dute, muga geografikoak eta egungo sistemak ezarritako mugen gainditsean eraikitako herria oinarri. "Gazteok lurraldetasunetik haratago, jendarte eredu berria sortzeari begira alternatibak eraiki eta garatzeko espazio propioen sorrera aldarrikatzen dugu. Espazio honek izen bakarra duelarik, Independentzia. Bai ekonomikoki, kulturalki... baina batez ere norbanako askez osatutako herri askearen beharra azpimarratzen dugu".
Lan hau burutzeko, Euskal Herriaren historia eta gure erroak arakatzea "ezinbestekoa" iruditzen zaie. Horregatik, datozen asteotan, "Euskal Herriko hamaika txokotan urteetan ezkutatu digutena gazteriaren eskura ipiniko dugu, etorkizuna marrazteko gure iraganaz jabetzea ezinbestekoa zaigulako".
www.jalgihadigaraipenera.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada