2012/02/29

"Ernesto askatu. Jazarpen politikorik ez", larunbat honetan manifestazioa Elizondon

Heldu den martxoaren 3rako manifestaldia deitu dute Elizondon, "Ernesto askatu! Jazarpen politikorik ez!" leloarekin. Arratsaldeko 5:30etan plazatik abiatuko da atzo prentsaurreko baten bidez aurkeztu zuten martxa.
Ernesto Prat elizondarra, bere ideia eta jarduera politikoarengatik jasaten ari dena guztiz bidegabea eta onartezina dela esan zuten atzoko agerraldian. 2008ko irailean EKINeko ustezko kideen kontrako polizi-operazioan Ernestoren bila joan zen Guardia Zibila, eta ordutik, "atxiloketa eta Espainiako estatuan hain ohikoak diren torturak sahiesteko ihes egin behar izan du".
Gogoratu dutenez, polizia operazio horretan atxilotutako gehienek tortura gogorrak salatu zituzten; geroztik epaiketa egin eta orain, sententziaren zain kalean baldintzapean daude. "Aipagarria da Ernestoren kontrako lekukotasunak torturaren bidez eskuratu direla. Gainera, EKIN erakundeak bere burua desegin duela aipatu beharra dago".
Elizondoko herritarrek esan zuten bezala, "Espainiako estatuak azken hamarkada luzean alderdiak eta hainbat herri erakunde legez kanporatzeko salbuespen legeak egin ditu, eta horren ondorioz jarduera politikoa kriminalizatu dute. Horrek ehundaka jenderen atxiloketa eta kartzelaratzea ekarri du, epaiketak eta ihes egin behar izatea".
Beraien ustez, "Euskal Herrian ireki den aldi politiko berri honetan, salbuespen legediek ez dute izateko arrazoirik. Prozesu demokratikoaren bidetik, salbuespen legeak eta eskubide zibil eta politikoen kontrako neurriak indargabetzea inoiz baino beharrezkoagoa da, hortaz, horrelako atxiloketak eta euroaginduak inoiz baino ulergaitzagoak dira".
Bide horretan, beharrezkoa ikusten dute ilegalizazioaren zikloa akitzea eta normalizazio politikoa laguntzeko bidegabekeria guzti hauek geldiaraztea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada