2012/02/23

Aterabide demokratikoen alde, atxiloketarik ez

Gernikako Akordioaren eragileek prentsaurreko bat eman dute gaur Iruñeko Gobernu ordezkaritzaren ondoan, herenegungo atxiloketak salatzeko. Atxiloketa hauekin, Frantzia eta Espainiako agintean dauden sektore batzuk gatazka luzatzeko eta betikotzeko egiten ari diren ahalegina erakusten dutela esan dute.
"Aro berri honetan bake bidean hainbat urrats eman dira: Gernikako akordioa, Aieteko adierazpena eta ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki duen honetan, ez dugu Euskal Herrian atxiloketarik onartzen. Euskal Herriko gizarteak ez duelako iraganaldira itzultzea onartzen. Hemen batu garen eragileok, eta jendarteak oro har, ez du utziko inork gure herrian ireki den bake bidea eta itxaropena zapuztu dezan. Biolentzia eta samina areagotzeko apustua egiten duenak herri oso baten duintasuna izango du parez pare".
Gainera XXI. mendean Europako estatu batean "inor tortura arriskuan egotea jasangaitza" dela esan dute. "Giza eskubideen ikuspegitik gizakiaren aurkako eraso itzela izan da, ez dago erdibidean geratzerik. Tortura, inkomunikazioa eta atxiloketek ez dute tokirik egungo agertokian".
"Bakeak eta konponbideak ekinbide zehatzak eskatzen ditu, eta Estatuak atxiloketekin eta inkomunikazioarekin hartu duen bidea ez da hain zuzen norabide horretan kokatzen.
Aterabide demokratikoak dira behar ditugunak, elkarrizketa politikoa alderdi guztien artean, elkarrizketak beharrezko diren mahai guztietan. Egoeraren tamainan erantzun behar dute Estatuko agintariek eta ez iraganeko errezetak aplikatuz".

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada