2012/01/16

Presoen eskubideen aldeko ekimenak herrietan, Nafarroa osoan

Lehengo urtarrilaren 7an Bilbon egindako manifestazioaren ondoren, asko dira Nafarroan sakabanaketaren kontra eta presoen kolektiboari ezartzen zaizkion salbuespen-neurrien kontra egiten ari diren ekimenak.

Jarduera zikloa Noainen
Aste honetan, Noainen jarduera ziklo bat izanen da, urtebete bete baita bertako herritar bat, Miguel Angel Llamas “Pitu”, atxilotu eta kartzelatu zutenetik. Pituri “Apurtu.org” webgunea kudeatzea leporatu zioten Entzutegi Nazionalak itxi zuenean.
Urtarrilaren 17an, asteartea, Noaingo Txarrantxulo elkartean ““Dispersión, ni un minuto más, ni un accidente más” dokumentala proiektatuko da, eta, ondotik, euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen-neurri hori salatzeko ekimenak aztertu eta eztabaidatuko dira. Arratseko 19:30ean izanen da.
Urtarrilaren 20an, ostirala, ordu berean eta toki berean, komunikabideei eta adierazpen-askatasunari buruzko mahai-inguru bat eginen da. Hauek egonen dira bertan: Eguzki Irratia, Ateak Ireki, Agoitz Gorria, Eguzki bideoak, Gara eta Garesko Auzalan.
Urtarrilaren 21ean, larunbata, bazkari bat eginen da Txarrantxulo elkartean, eta arratsaldeko 17:30ean manifestazio bat aterako da Noaingo Kultur Etxetik.

Ostegunean, gaixo larrien askatasunaren aldeko bilkura
Sasoiak bilkura bat antolatu du urtarrilaren 19an, osteguna, eguerdiko 12etan Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean elkartzeko, eritasun larriak dituzten presoak aske geldi daitezela eskatzeko.
Jubilatu eta pentsiodunen elkarteak adierazi duenez ohar batean, garai berriak ditugu Euskal Herrian, eta orain, “gure zeregina bultza egitea da, gobernuek ere pausoak eman ditzaten gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko”
Bide horretan, bada arazo bat Sasoia bereziki kezkatzen duena: gaixotasun larriak dituzten presoen egoera, gobernuak “bere legea bera ere errespetatu gabe” espetxean atxikitzen baititu. “Osasun arazoak hasten direnean oso ongi ulertzen dugu denok zein beharrezkoa den atentzio profesionala eta samurra jasotzea” gogoratzen dute, eta horrexegatik eskatzen dute preso horiek ez dezatela egun gehiagorik eman kartzelan.

Elkartasun gaua Alde Zaharrean
Larunbat honetan, hilaren 21ean, “Elkartasun gaua” ospatuko da Iruñeko Alde Zaharrean. “Gora Iruñea”ren tabernan kontzertu bat antolatu dute gaueko 10etan, Gobernors eta Itziarren semeak taldeekin

Presoen eskubideen aldeko eguna Aizarotzen
Datorren urtarrilaren 22an, Aizarotzen (Basaburua) ekintza batzuk antolatu dira preso politikoen eskubideak errespeta daitezela eskatzeko. Eguerdiko 12etan hasiko da eguna, trikipoteoarekin, eta ondoren pilota partidak, kalejira, herri bazkaria, trikitixa eta jendaurreko ekitaldia.

Sinadura bilketa eta mozioa Antsoainen
Abenduaren 31n herrian egindako manifestazioaren ondotik, Egin Dezagun Bidea mugimenduak presoen eskubideen aldeko kanpainari segida emanen dio Antsoainen. Egun hauetan, sinadurak biltzen ari dira sakabanaketaren eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboari ezartzen zaizkion salbuespen politiken amaiera eskatzeko, eta datorren urtarrilaren 25ean Udalaren osoko bilkurara eramanen dute eskaera; herritar guztiei bertara agertzeko gonbidapena luzatu nahi diete. Lehenago, Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiekin mozioari buruzko iritzi trukea egiteko asmoa dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada