2012/01/17

Pitu eta besteak askatu!

Urtarrilaren 18an, gure seme-alabak etxetik eraman zituen sarekadaren lehen urteurrena izanen da. Gure artetik gazteak eramateko operazio hark oihartzun neurrigabea izan zuen hedabideetan, poliziaren presentzia bezain neurrigabea, ehun inguru bidali baitzituzten gure etxeetan sartzera. Azken urteotan Nafarroan inpunitate osoaz egin diren polizia operazioen zerrendan beste bat izan zen, hura ere mingarria.
Delitua, betikoa: euskal herritarra eta independentista izatea, mundu hobe, zuzenago eta solidarioago baten alde lan egitea, kultur jardueretan, euskararen aldekoetan parte hartzea, presoekiko elkartasuna antolatzea, Hatortxu Rock-en laguntzen, edo poliziaren errepresioaren biktimen eta sakabanaketa ankerra jasaten dutenen berri ematen.
Hedabideen oihartzuna nahi zuten, eta lortu zuten, baina sarekadari erantzuteko Iruñean egindako mobilizazioa ere tamainakoa izan zen, errepresio itsu haren aurrean jende askok, aukera politiko ezberdinetakoek, aski zela adierazi nahi izan zutelako, ez baitzuten ulertzen horrelakorik gertatzea Euskal Herrian hastera zihoazen garai berrietan.
Handik urtebetera, Xafan, Iker, Gorka Mayo, Gorka Zabala, Iñigo eta Pitu espetxean ditugu oraindik, epaiketarik gabe zigortuta.
Iragan den urtean, elkartasuna agertzeko ekitaldi ugari egin dira haien jaioterrietan; hurrengo hitzordua Noainen izanen da, urtarrilaren 21ean, larunbata, arratsaldeko 17:30ean. Dei egiten dizuegu bertara joateko, gazte hauek baldintzarik gabe aska ditzatela eskatzeko.
Pituren familiari eta lagunei babesa ematera joanen gara, haiekin gaudela eta ez daudela bakarrik esatera, eta elkartasunak ez duela inposiziorik onartzen, ezin dela kriminalizatu.
Noainen, Pituren lana eskertu eta aintzatetsi nahi dugu, besteek, euren hedabide handien bitartez, ezkutatu nahi zutena agerian uzteagatik.
Apurtu.org leiho ireki bat zen, aire fresko eta librea sartzen uzten zuena, garaian garaiko gobernuaren gehiegikeriak salatzen zituena, errealitateari muzin egin nahi ziotenen kontzientzia astintzen zuena, eta errepresioaren estrategak sumintzen zituena; blokeo informatiboa hautsi zuen, eta begi bistan uzten zuen giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak murrizteko inpunitatea. Kamera lepoan beti, jazarpen polizialari aurre egiten hedabide ofizialetan sekula ere agertzen ez ziren irudiak eskaintzeko prest. Halakoxea zen Pitu, eta haren delitua, berriz, ezagutzera ematea botereak ezkutatu nahi duen informazioa. Gizartearen onerako, Pitu asko behar ditugu, baina orain, bera eta beste guztiak kalean behar ditugu.

Javier Torregrosa Goñi, María Paz Juarez Hevas, Maria Nieves Ijurko Arrayago, Luis Maeztu Nieva, Asun Goñi Iso eta Karmele Tirapu Jauregi, “Zerrenda beltzean” daudenen gurasoen izenean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada