2012/01/23

Gora Iruñearen agenda, kalean

Gora Iruñea!-ren agenda1

Gora Iruñea! plataformak prestatutako agenda larunbatean aurkeztu zuten. Agenda honek, Iruñean 2012 urtean antolatuko diren 100 baino gehiago ekitaldi kultural eta jaien datak biltzen ditu. Gora Iruñea! plataforma osatzen duten eragile guztiek antolatuko dituzten ekitaldi kulturalak eta jaiak, alegia.
Datez gain, eraso sexistak salatzeko telefonoa ere ageri da. "Argi gera dadin erasotzaileek gure artean lekurik ez dutela eta gogor eta elkarrekin erantzun sendoa emanen diegula, guztiak desagertu arte".
Gora Iruñea! sentsibilitate anitzeko plataforma da, hainbat esparru ezberdinetan lan egiten duten eragilez osatua dago. Eta eragile guzti hauek 2012 urtean burutuko dituzten jaiak, ekitaldiak, saioak... biltzen ditu agenda honek. Non eta noiz dagoen edozein ekitaldi jakiteko, beti eskura izanen dugun tresna.
"Gure jai herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskaldunak burutzeko gune askeak erabiltzen ditugu. Ondokoa errespetatzen duen edonor ongi etorria da. Parte hartzean oinarritzen diren jaietan hiritarren presentzia ezinbestekoa suertatzen delako", gaineratu zuten
Iruñeko herri mugimenduak osatutako agenda honetan agertzen diren ekitaldiak inolako arazorik gabe burutuko direlakoan daude. Jaiak, euskara egunak, olentzeroak, ihauteriak eta abar luze-luze bat, Iruñeko egutegia kolore biziz betetzeko antolatzen baitira. "Udalarekiko harremana itxuraz ezberdina izaten ari da legebiltzar berria hasi zenetik", azaldu zuten, "eta espero dugu harreman hau hobera egitea guztiz normaldu arte, guztion artean balore eskuzabalez beteriko gizartea eta erasotzailerik gabekoa eraiki ahal izateko.
Horregatik guztiagatik, aurten 10.000 ale banatuko dituzte, eta auzo guztietan izanen dira. Horretaz gain, interneten ere izanen duzue eskuragarri, Facebook-en gaurtik aurrera eta www.gorairunea.org webgunean beranduago.
Agenda deskargatu (PDF)

Gora Iruñea!-ren agenda
Etxabakoitzen agindako aurkezpenaren irudiak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada