2011/12/22

Aurten, auzo guztiek Iruñeko udalaren baimena jaso dute Olentzeroren kalejirak egiteko

Iruñeko auzo guztietan burutzen diren Olentzero kalejirak bertan ditugu. Aurten Iruñeko Udalak hauek guztiak baimentzea ebatzi du. Urteak dira, Iruñeko Udalaren jarrera hertsiaren ondorioz auzoetan Olentzerori harrera egiteko izan ditugun oztopoak. Baina aurten, Olentzero eta Maridomingik gurera etortzeko arazorik ez dute izanen. Ongi etorriak!
Hori dela eta, Gora Iruñea! plataformak hiritarrak zoriondu nahi ditu, "hiritarrak izan direlako Udala erabaki hau hartzera behartu dutenak". Gauzak horrela, dei berezia egin nahi diote Iruñeko jendarteari bere auzoko kalejiretan parte hartzeko. "Aurten inoiz baino gehiago gure kultura eta nortasuna kaleratzeko aukera izanen dugu. Euskaldunok badugu zer ospatu egun hauetan, eta urte osoko lanari esker, behar bezalako kalejirak antolatu eta burutuko ditugu", esan dute.
Aipatzekoa da Gora Iruñea! plataformarentzat Udal gobernu berri honen jarrera aldaketa. "Elkarlana eta elkarrizketaren bidez akordioetara iristeko gure borondatea behin baino gehiagotan jarri dugu mahaiaren gainean. Ildo horretatik jarraitzeko asmoa dugu. Udalari bide hori jorratzeko deia luzatu nahi diogu. Iruñeko kultura eta jaiak sustatzeko lanean elkarlana ezinbestekotzat jotzen dugu. Horretarako platafomatik lanean jarraituko dugu".
Bihar abenduaren 23an, Arrosadian, Mendillorrin, Etxabakoitzen, Azpilagainan eta Iturraman izanen dira kalejirak eta etzi, 24an, Txantrean, Alde Zaharran, Donibanen, Sanduzelain eta Errotxapean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada