2011/12/18

Egin Dezagun Bidearen aurkezpena Bortzirietan

Bortziriak, egin dezagun bidea

Egin Dezagun Bidea ekimenaren aurkezpena egin zuten larunbatean Bortzirietan, Lesakako frontoian egindako prentsaurreko batean. "Lan tresna berri bat martxan paratzera goaz", esan zuten, "preso eta iheslari guztiak askatasuna eta eskubide guztien jabe etxera itzultzeko ibilbidea" egiteko, "luzea izango dena seguruenera, baina lehen bai lehen, presoak etxeratzen hasteko eta guztiak erabat aske izatera ailegatzeraino etenik izango ez duena".
"Hemendik aintzinerat lan aunitz egin beharko dugu, Bortzirietan preso eta iheslarien eskubideak bermatzeko, eta ahal den agudoen gure artean, Bortzirietan izateko". Horregatik, Bortzirietako instituzio, gizarte eragile, elkarte eta banakakoei "gurekin batera auzolanean aritzeko gonpidapena" luzatu zuten, "eta lehendabiziko aukera urtarrilaren 7an, Bilbon dugu, Euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko, denon artean lortuko baitugu".

Muturreko neurriak indargabetzea eskatzen dute
Haien iritziz, salbuespenez ezartzen den kartzela politika errotik aldatu eta konponbide klabeetara igaro behar da. Horretarako, "lehenik eta behin presoei salbuespenez ezarritako muturreko neurriak indargabetu behar dira. Horrekin batera, presoak dagozkien eskubide indibidual eta kolektibo guztien jabe Euskal Herrian batu behar dira, preso politikoen kolektiboa gatazka konpontzeko prozesuan, inolako trabarik gabe, eragile aktiboa izan dadin ahalbidetuz".
Honenbestez, preso guztiak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzen dute, baita zigorra bete duten presoen askatasuna, zigorraren hiru larudenak bete duten presoen askatasuna (Iñaki Fagoaga, Lesakako presoa kasu) eta gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada